Ingurumena babesten laguntzea Amicos Elkartearen, Menorca Babesteko Fundazioaren, Ecomar Fundazioaren eta WWFren eskutik.
Planetak bizia bere forma guztietan mantentzen duten ekosistemen aniztasun harrigarria du. Basoak planetaren azaleraren ia % 31 dira, eta animalia, landare eta intsektu lehorreko espezie guztien % 80 baino gehiago hartzen dute. Hala ere, biodibertsitatearen narriadura gizakien historiaren beste edozein unetan baino azkarrago ari da gertatzen. Arazo horren parte gisa, kalkulatzen da urtero 5 eta 12 milioi tona metriko plastiko joaten direla itsaso eta ozeanoetara, eta horrek, gainera, 13.000 milioi dolar inguruko inpaktu ekonomikoa eragiten du urtero. Zifra horretan sartzen dira garbiketaren gastuak eta arrantzari eta beste industria jarduera batzuei eragindako galera ekonomikoak. Itsas hondoan aurkitzen diren hondakin plastikoen % 89 inguru erabilera bakarreko produktuak dira (NBE, 2025).
Biodibertsitatearen galeraren beste arrazoi bat baso suteak dira, Espainian urtero basoetan eta haien inguruan eragin negatibo handia sortzen dute. Suak, pasatzean, landare guztiak suntsitzen ditu, eta hil ez diren animaliek ihes egin behar izaten dute, habiak egiteko, babesteko eta elikatzeko gunerik ez baitzaie gelditzen. Intereseko habitatak suntsitzen dira, CO2 isuriak egoten dira, lurzoru emankorra galtzen da, etab. Eta, gainera, baso suteek arrasto sakona uzten dute suteak gertatzen diren eskualdeetako biztanleengan, etxeak eta nekazaritza eta baso ustiategiak suntsitzen direlako; horrek lurraldean bizi den jendearen bizimodua aldatzen du, paisaia hondatu batean bizitzera ohitu behar baitira.
Horren aurrean, nekazaritza birsortzailearen gisako nekazaritza praktika jasangarriek CO2 tonak harrapatzen lagun dezaketela erakutsi dute, eta hori aliatu oso indartsua izan daiteke klima aldaketaren aurkako borrokan eta ingurumenaren babesean.
Espainiako kostaldeetara iristen diren hondakinen % 70 baino gehiago Iberiar Penintsularen barnealdetik datoz (MITECO). Hori dela eta, garrantzitsua da arazoaren jatorriari buruz sentsibilizatzea, heztea eta kontzientziatzea, hondakin horiek inoiz ez daitezen iritsi kostaldera, eta, beraz, ez dezaten eragin presio negatiborik ekosistemetan, ez espezietan, ez ikusizko inpaktuan, ez eta lurraldeko agenteen jarduera ekonomikoetan ere.
Datu horiek guztiek agerian uzten dute oso garrantzitsua dela ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak kontserbatzea eta modu jasangarrian erabiltzea, bai eta lurreko ekosistemen bizitza kontserbatzea ere, Nazio Batuen 14. eta 15. Garapen Jasangarrirako Helburuek ezartzen duten bezala.
Jasotako dohaintzekin, erakunde horiek ondoren deskribatzen diren jarduerak indartu ahalko dituzte.
Amicos Elkartea
Amicos Elkarteak laguntza eskaintzen du desgaitasun intelektuala duten pertsonen eta haien familien bizitzako etapa guztietan, haien bizi kalitatea hobetzeko eta eskubideak eta gizarteratzea sustatzeko. Re-Mar proiektuaren helburu nagusia itsasoko hondakinak murriztea da, haiek jasoz, tratatuz eta haien agerpena prebenituz. Horretarako, herritarren zientzia ingurumena zaintzeko tresna gisa erabiltzen da, honako hauen laguntzaren bidez: arrantza sektorea, itsas ingurunearekin lotutako aisialdiko enpresak eta ikastetxeak. Zeharka, desgaitasun intelektuala duten pertsonak ikusarazteko eta ahalduntzeko konpromisoa du proiektuak, haiek baitira proiektuaren protagonista nagusiak eta ekintzarako gidariak.
Menorca babesteko fundazioa (Menorca Preservation)
Menorca Preservation irabazi asmorik gabeko fundazioa da, eta Menorcako natura ondarea zaintzea du helburu. Lau pilare ditu: Lurra, Itsasoa, Energia eta Plastikoa. Menorca Preservada proiektuarekin, lehen sektoreari laguntzeko ekintzak bultzatzen ditu, eta tokiko produktu jasangarrien kontsumoa sustatzen du. Nekazarientzat identifikatutako erronketako bat da laguntza teknikoa izatea beren finketan praktika birsortzaileak ezartzeko. Hori dela eta, S’Ullestrar Finkari ziurtagiri ekologikorako trantsizioan laguntzen ari zaio, helburu hori lortzeko laguntza teknikoa eskainiz. Gainera, kalkulatzen dute proiektu horren bidez urtean 120 CO2 tona harrapatuko dituztela.
Ecomar Fundazioa
Ecomarrek 26 urte baino gehiago daramatza jendea hezten, kontzientziatzen eta lanean planeta osasuntsuago eta orekatuago bat lortzeko, itsas kontserbazioko programen bidez; batez ere haur eta gazteekin egiten du lan. Theresa Zabellek, 2 urre olinpiko dituen emakume kirolari espainiar bakarrak, sortu zuen, eta belatik erretiratu zenean, itsasotik jasotako guztiaren zati txiki hari itzultzea erabaki zuen. Ecomarren leloa honako hau da: "Zaindu zure gorputza eta zure planeta, inoiz ezingo baitzara bi toki horietatik lekualdatu". Kostaldeak garbitzen dituzte penintsulan zehar, eta, han, Tailer Urdina ematen zaie parte hartzaile guztiei. Tailer horretan, itsasoak eta ozeanoak balioesten dira, eta haiek zaintzeko aholkuak ematen dira. Kontzientziatzeko asmotan, hondakinak kostetara iritsi ez daitezen.
WWF
WWF naturaren kontserbazioan aritzen den erakunde independente handienetakoa eta eraginkorrenetakoa da mundu osoan. Planetako ingurumenaren narriadura geldiarazteko eta gizakien eta naturaren arteko harmoniazko etorkizun bat eraikitzeko aritzen da lanean, aniztasun biologikoa kontserbatuz, baliabide natural berriztagarrien erabilera jasangarria ziurtatuz eta kutsaduraren eta neurrigabeko kontsumoaren murrizketa sustatuz. Espainiako baso eta hezeguneak: berreskuratu beharreko bitxiak proiektuaren helburua da WWFk basoak leheneratzeko eta kontserbazio balio handiko eremu degradatuetan biodibertsitatea hobetzeko egiten dituen proiektuei laguntzea, Doñana inguruko ikuspegi integral batekin.
EROSKIren Zentimo Solidarioak programaren kanpaina honek Amicos Elkartearekin, Menorca Babesteko Fundazioarekin, Ecomar Fundazioarekin eta WWFrekin lankidetzan jardungo du. Kanpaina honekin bildu nahi dugun diruarekin, 3.080 onuraduni laguntzea aurreikusten da.
Amicos Elkartea (erakundearen webgunea).
Menorca Babesteko Fundazioa (erakundearen webgunea).
Ecomar Fundazioa (erakundearen webgunea).
WWF (erakundearen webgunea)
