Zortzi urte baino gehiago igaro dira gatazka hasi zenetik, eta Siriako egoera munduko krisi humanitario larrienetakoa ari da bihurtzen. Siriar haurrek muturreko indarkeria-egoerak bizi dituzte, eta horrek zuzeneko eragina du haien biziraupenean, garapenean eta ongizatean.
Biztanle ugarik –gutxi gorabehera, premia egoeran dauden 13 milioi siriar– oraindik laguntza humanitarioa behar dute bizitza salbatzeko eta haien egoera larriki okertu ez dadin. Zenbatespenen arabera, 5,6 milioi haur daude laguntza humanitarioaren beharrean, eta 493.000 setiatuta dauden edo iristeko zailak diren guneetan bizi dira.
UNICEFen txosten batek agerian utzi du haurdun edo edoskitzen dauden emakumeen % 20k baino gehiagok desnutrizio moderatua duela eta gutxi gorabehera haurren % 5ek desnutrizio akutu moderatua duela. Bost urtetik beherako 3 milioitik gora haurrek behar dute laguntza nutrizionala, eta haien artean badira desnutrizio akutu larria duten ia-ia 20.000 haur.
Eremu batzuetan –adibidez, Raqqan, Idlibeko gune batzuetan eta Alepoko landa-eremuetan– desnutrizioaren prebalentzia handia da, haurren artean ohikoa da anemia eta haurrek elikadura egokia izateko aukerak mugatuta daude. Esate baterako, Idliben lau haurretatik batek bere adinerako hazkuntza urriegia du.
Nutrizio-zerbitzuen estaldura ez da oraindik nahikoa; izan ere, baliabideak mugatuak dira eta berehala handitu behar dira, batez ere, bularreko haurrentzat eta 5 urtetik beherakoentzat, baita amaren nutrizioarekin lotutako esku hartzeak egiteko ere.