Osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pertsonen eta haien inguruaren prestakuntza, laguntza eta konexioa sustatzen laguntzea, Elikadura Jokabidearen Nahasmendua duten gaixoen senideen Aragoiko Elkartearen, Espainiako Osasun Mentaleko Konfederazioaren, APTACANen eta Gira-Sol osasun mentalerako elkartearen proiektuen bidez.
Osasun Sistema Nazionalaren 2023ko Urteko Txostenaren arabera, Espainiako biztanleriaren % 34k osasun mentaleko arazoren bat du. Kopuru hori are handiagoa da adin-talde zaharrenetan: % 40tik gorakoa da 50 urteko edo gehiagoko pertsonetan, eta % 50era iristen da 85 urtetik gorakoetan. Nahasmendu ohikoena antsietatea da, eta, ondoren, lo egiteko arazoak eta nahasmendu depresiboak. Antsietateari dagokionez, biztanleriaren % 10i eragiten dio, gutxi gorabehera, eta prebalentzia bikoitza da emakumeen kasuan (% 14) gizonekin alderatuta (% 7).
Zifra horien tamainak dagoeneko baztertu ezin den errealitate bat islatzen du: osasun mentaleko arazoak osasun publikoaren egungo erronka nagusietako bat dira. Gizartearen presioak, laneko estresak, ziurgabetasun ekonomikoak eta duela gutxiko gertaerek, hala nola pandemiak, nabarmen handitu dute arreta psikologikoaren eta psikiatrikoaren eskaera. Hala ere, pertsonen arteko baliabideak eskuratzeko ezberdintasunek eta estigmen iraupenak zaildu egiten dute pertsona askok behar duten laguntza goiztiarra eta etengabea jasotzea.
Panorama horren barruan, badira arreta bereziki espezializatua eta egokitua behar duten kolektiboak. Horien artean daude Autismoaren Espektroaren Nahasmendua (AEN) duten pertsonak, ingurune inklusiboak, laguntza pertsonalizatuak eta prestakuntza espezifikoa duten profesionalak behar dituztenak beren garapena, autonomia eta ongizate emozionala bultzatzeko. Era berean, Elikadura Jokabidearen Nahasmenduek (EJN), anorexia edo bulimia kasu, gorakada kezkagarria izan dute, bereziki nerabe eta gazteen artean, eta arrisku fisiko eta psikologiko larria dakarte berekin, esku-hartze integral eta koordinatua eskatzen duena.
Osasun mentalak lotura estua du determinatzaile sozialekin eta biologikoekin, eta osasun mentaleko politikek faktore horiek aintzat hartzen dituen ikuspegi integratua izan behar dute. Gainera, jokabide suizidak lotura zuzena du osasun mentalarekin, hain justu, badaude suizidatzen saiatu diren edo suizidioaren ondorioz hil diren pertsonen proportzio handi batek buru-nahasmenduren bat izan zuela adierazten duten datuak.
Jasotako dohaintzekin, erakunde horiek ondoren deskribatzen diren jarduerak indartu ahalko dituzte.
Elikadura Jokabidearen Nahasmendua duten gaixoen senideen Aragoiko Elkartea (ARBADA)
EJN batek kaltetutakoei eta haien senitartekoei laguntza psikosoziala emateko proiektuaren bidez, gaixotasunaren prozesuari ikuspegi positiboago batetik aurre egiteko trebatu nahi dira gaixoa eta haren familia, hainbat baliabide eta trebetasunen bidez. Horretarako, familia tresna terapeutiko gisa erabiliko da, eta zaindu egingo da, nekeak edo ulermen-faltak ez dezan eragin negatiborik izan ez gaixoarengan ez beste kide batzuengan. Alderdi kaltegarrienetako bat familia batzuek gaixotasunaren aurrean garatzen duten erru sentimendua da. Eta familiak gaixoari laguntza egokia ematea eragotz dezake horrek. Hori dela eta, proiektu honen jarduera nagusia da gaixoaren ingurukoei egoera berri hori ulertzen, onartzen eta asumitzen laguntzea, hala, ahalik eta ondoen erantzungo dute eta familien arteko harremanak positiboagoak izango dira guztientzat.
ESPAINIAKO OSASUN MENTALEKO KONFEDERAZIOA
"Escuela de Salud Mental" programa gune berritzailea eta ezinbestekoa da, eta ezagutzak trukatzeko, jardunbide egokiak sustatzeko eta SALUD MENTAL ESPAÑA elkarte-mugimendua indartzeko balio du. Zerbitzu horren bidez, beren erakunde-sareko profesionalei, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei, senideei eta, oro har, gizarteari zuzendutako heziketa-ekintzak koordinatzen eta kudeatzen dira. Bere funtzioen artean honako hauek daude: heziketa-beharrak identifikatzea, heziketa-materialak eta ezagutza kudeatzeko materialak garatzea, parte-hartzaileak hautatzea, heziketa-ekintzak ematea eta emaitzak ebaluatzea. Horren guztiaren helburua da osasun mentalarekin zerikusia duten esparru jakin batzuei buruzko ezagutzak eta gaitasunak hobetzea. Programa horrek, halaber, erakundeen arteko ezagutza-transferentzia eta elkarri laguntzeko sareak sortzea sustatzen du, mugimenduaren kohesioa sendotuz eta Espainian osasun mentalak dituen erronken aurrean erantzun sendoagoa eta koordinatuagoa sustatuz.
APTACAN
Programa honek proposatzen du Formakuntza, Babes eta Elkar Laguntza Talde bat sortzea. Gero eta autista gehiago hautematen dira, eta, horrekin batera, gero eta familia gehiago joaten dira APTACANera laguntza eta baliabide espezifikoak eskatzera. Elkartera iristen diren familiek zalantza ugari izaten dituzte esku-hartzeaz, diagnostikoaz, terapiez eta abarrez. Autismoarekin duten loturan sortzen diren kezkei eta konplexutasunei erantzuna ematea du helburu programak, bai eta eguneroko bizitzan dituzten erronkei ere, bai banaka, bai bikotean eta familian. Beste familia eta profesional batzuekin egiten dituzten saioek aukera ematen diete norbaitekin daudela sentitzeko, jarraibide argiak jasotzeko esku-hartze jakin batzuetan nola jokatu behar den jakiteko, ulertuak sentitzen diren ingurune batean esperientziak partekatzeko eta esku hartzeko eta gatazkak konpontzeko estrategiak jasotzeko. Horrek guztiak asko laguntzen du familiaren barruan harreman hobeak izaten. Familien ongizate psikologikoak berebiziko garrantzia du autisten ongizaterako. Beharrezkoa iruditzen zaigu familiek informazio gehiago izatea eta babesa sentitzea, egunero aurrean dituzten erronkei baliabide gehiagorekin aurre egiteko.
Gira-Sol osasun mentalerako elkartea
Elkarteak nahasmendu mentalen bat duten pertsonen ongizate emozionala hobetzeko eta suizidio arriskua murrizteko lan egiten du, pertsona horien familiekin, hurbileko jendearekin eta komunitatearekin elkarlanean, ikuspegi soziokomunitario batetik. "Bienestar emocional: conexion y comunidad" programarekin banakako arreta psikosoziala bermatzen da programa espezializatu eta egokituen bidez, eta suizidioa prebenitzeko estrategiak ezartzen dira, hala nola detekzio goiztiarra, esku-hartze egokia eta etengabeko jarraipena. Proiektuak parte hartzen duten eragileei laguntza emozionala, informazioa eta orientazioa eskaintzen die, eta, aldi berean, familiei entzunak izateko guneak eskaintzen dizkie, berdinen arteko laguntza eta sare komunitarioa sustatuz. Horrez gain, gizarte-sentsibilizazioa sustatzen du, tailerren, hitzaldien eta prestakuntza-jardueren bidez, eta sozializazioa, konexioa eta esperientzien trukea errazten duten espazio kolektiboak bultzatzen ditu, ingurune seguru eta ulergarri batean.
EROSKIren Zentimo Solidarioak programaren kanpaina honek Elikadura Jokabidearen Nahasmendua duten gaixoen senideen Aragoiko Elkartearekin, Espainiako Osasun Mentaleko Konfederazioarekin, APTACANekin eta Gira-Sol osasun mentalerako elkartearekin batera egingo du lan. Kanpaina honekin lortu nahi den laguntzarekin, gutxienez 3.845 onuradun zuzeni lagunduko zaiela uste da.
Elikadura Jokabidearen Nahasmendua duten gaixoen senideen Aragoiko Elkartea (erakundearen webgunea).
ESPAINIAKO OSASUN MENTALEKO KONFEDERAZIOA (erakundearen webgunea).
APTACAN (erakundearen webgunea).
Gira-Sol osasun mentalerako elkartea (erakundearen webgunea).
