Eroski
0
Dohaintzak
0,00 €
150.000-ren helburua €

Lagundu elikadura- eta hezkuntza-laguntza ematen zure inguruan zaurgarritasun-egoeran dauden haurrei.

Elikadura eta hezkuntza funtsezko bi eskubide dira, eta, aldi berean, neska-mutilen garapen osasungarria baldintzatzen dute, bai maila fisikoan, bai psikologikoan.

Espainian, 2,6 milioi haur eta nerabe pobrezia- eta bazterketa-egoeran bizi dira (INE, 2026). Egunero elikadura egokia eta hezkuntza eskuragarri izatea oinarrizkoa da haien ongizatea hobetzeko, baita komunitatean erabat txertatzea zailtzen duten desberdintasunak murrizteko ere.

Campaign hero image
Gosea eta Elikadura Segurtasuna, Gizarte-inklusioaNoiztik: 02/07/26Noiz arte: 29/07/26
Zaurgarritasun-egoeran dauden zure inguruko haurrak
Kanpainaren helburuak

Egoera ahulean dauden haurrei elikadura- eta hezkuntza-laguntza emateko lankidetzan aritzea, Bosko Taldea Federazioaren, La Gota de Leche de Pamplona erakundearen, Mestura GKEaren, Hezkuntza eta Lankidetza Fundazioa - EDUCOren eta Vicente Ferrer Fundazioaren proiektuen bidez.

Deskribapena

Espainian, hiru haurretatik bat pobreziarako edo bazterketa sozialerako arriskuan bizi da, Plataforma de Infanciak egindako La pobreza infantil en España 2026 (2026ko apirila) txostenaren arabera. Zaurgarritasun-egoera horrek txikitatik desberdintasunak areagotzeaz gain, modu osasungarrian elikatzea, eguneko otordu guztiak egitea edo ikastetxean behar bezala errenditzea ere zailtzen du.

Familia asko eta asko egoera zaurgarrian bizi dira etengabe, besteak beste, bizitzaren kostu handia, etxebizitza eskuragarria izateko zailtasunak eta enpleguaren ezegonkortasuna direla-eta. Egun, gero eta gehiago dira oinarrizko beharrak asetzeko zailtasunak dituzten etxeak. Gainera, azken datuen arabera, egoera sozioekonomikoak okerrera egin du, eta, beraz, familia horiek egoera zailagoari egin beharko diote aurre.

Txikienen garapenari kalte egiten dio horrek, hilabete amaierara iristeko eta oinarrizko beharrak asetzeko zailtasunak direla medio. Horrez gain, egoera zaurgarrian dauden 10 haurretatik 6k ez dute jantoki-bekarik jasotzen, eta horrek desabantaila handiagoan geratzea eragiten du. 

Egoera zaurgarri horretan egon ohi den kolektiboetako bat pertsona migratzaileena da. Pertsona horien migrazio-prozesuek askotan geldialdia eragiten dute edo lan-jarduerarako sarbidea zailtzen dute, eta, gainera, ez dute jatorrizko herrialdean izan lezaketen laguntza-sarerik.

Era berean, azkenaldian gure inguruan gertatu diren muturreko ingurumen-fenomenoek, DANA kasu, areagotu egin dituzte jada egoera zaurgarrian zeuden familien arazoak, eta txiki askori hezkuntza-jardueren garapen normala kendu diete.

Egunero hezkuntza, elikadura egokia eta oinarrizko ondasunak eskura izatea oinarrizkoa da zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeen ongizatea hobetzeko, bai eta komunitatean erabat txertatzea zailtzen duten desberdintasunak murrizteko ere.

Jarduerak

Jasotako dohaintzekin, erakunde horiek ondoren deskribatzen diren jarduerak indartu ahalko dituzte.

Bosko Taldea Federazioa 

Hezkuntza Aukerak garapen hezitzaile, pertsonal eta sozialeko programa bat da, zaindu gabeko zaurgarritasun bereziko egoeretan dauden eta gizarte-, komunitate- eta hezkuntza-arloko zaintza integrala behar duten adingabeentzat.

Proiektuak, nagusiki boluntariotzan oinarritua, eskolaz kanpoko ordutegian eta asteburuetan arreta zuzena, pertsonalizatua eta integrala eskaintzen du, hartzaileen garapen afektibo, kognitibo eta sozial egokiari laguntzeko. Ekimen horren bidez, aisialdi hezitzaileko jarduerak ere indartzen dira, parte hartzen duten haurren garapen pertsonal eta komunitarioko prozesuak sendotzeko. Horren guztiaren helburua da gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden adingabeen trebetasun pertsonalak hobetzea, gizarteratzea erraztuko duen garapen pertsonala lortzeko. 

La Gota de Leche de Pamplona

Haur bat gosaltzera gonbidatzeko proiektua Iruñerrian egoera sozial, psikologiko eta ekonomiko larrian dauden familiak indartu eta sostengatzeko beharretik sortu da. Esku-hartzearen helburua da elikadurako eta higieneko oinarrizko baliabideak ematea amei, aitei, bularreko haurtxoei eta haurrei.

Oinarrizko behar horiek asetzean, proiektuak berehalako osasun fisikoko arriskuak arintzeaz gain, albo-kalte psikologikoari ere aurrea hartzen dio, familiaren osasun mentalaren narriadura geldiaraziz, bai eta familia zaurgarrian adingabeen ongizatea arriskuan jartzen duen frustrazio-ingurunea ere. Proiektuak bermatzen du familiek beren garapenerako eta etorkizuneko autonomiarako beharrezkoak diren gutxieneko duintasun eta babes baldintzak berreskuratzea, helburu nagusia prekarietateak dakartzan arriskuen zikloarekin apurtzea baita.

Mestura GKE

Pasiños ekimenak haurren gizarte-bazterketa prebenitu nahi du, eta, horretarako, familia migratzaile erabiltzaileetatik datozen adingabeei egunero elikadura egokia eta oinarrizko higiene-produktuak eskura izatea bermatu nahi die, haien ongizateari, osasunari eta garapen integralari lagunduz, zuzeneko diru-laguntzen eta gizarte-laguntza pertsonalizatuaren bidez.

Proiektuak lehentasuna ematen dio erakundeak eskaintzen dituen gizarte- eta hezkuntza-guneetan parte hartzen duten adingabeen arretari. Adingabeek jarraipen tekniko eta sozial jarraitua dute, eta horrek aukera ematen du laguntza beren behar espezifikoetara egokitzeko. Beste adingabe batzuen arretara ere zabaltzen da, baldin eta haien familiek zailtasun sozioekonomiko larriak badituzte eta, gizarte- eta hezkuntza-eremuaren barruan ez egon arren, premiazko laguntza behar badute oinarrizko premia larriak asetzeko. 

Hezkuntza eta Lankidetza Fundazioa - EDUCO 

Becas Comedor Educo programak jantokirako beka publikorik edo laguntza partzialik jaso ez duten eta kostuaren gainerakoa ordaindu ezin duten familiei laguntzen die. Eskola-jantokira sartzeak, elikadura egokia eta, beraz, eskola-errendimendu hobea eskaintzeaz gain, gizarte- eta nutrizio-ohiturak ikasteko, ikaskideekin beste era batera erlazionatzeko eta ingurune seguru batean babestuta eta lagunduta egoteko aukera ere ematen du. Hori dela eta, ikastetxeei jantokiak hezkuntza- eta berdintasun-gune bihurtzen laguntzen zaie, ikaskuntzak eta elkarbizitza positiboa sustatzeko. 

Esku-hartzearekin batera, txosten eta azterlan espezializatuak egiten dira, arazoari alderdi guztietatik heltzeko: finantzazio publikoaren ereduak aztertzen dira, oztopo ekonomiko eta administratiboak dokumentatuz, eta haurren garapenean duten eragina aztertzen da. 

Vicente Ferrer Fundazioa

Sedaví ikastetxea berreraikitzeko proiektuaren helburua da ikastetxean esku-hartze integrala egitea, DANA igaro ondoren kalte larriak jasan baitzituzten haren azpiegiturek, eskola-jardueraren segurtasuna, funtzionaltasuna eta jarraitutasuna bermatzeko. Ikastetxeko instalazioetan egindako txikizioen ondoren, Haur Hezkuntzako etaparako funtsezkoak diren espazioak berreskuratzeko lanean ari dira. Espazio horiek beheko solairuan zeuden eta uraren indarrak suntsitu zituen. 

Ingurune horiek funtsezkoak dira haurrek beren bizitzako lehen urteetan ikasi, jolastu eta oso-osorik garatu ahal izan dezaten, eta, horretarako, leku segurua, erosoa eta beren behar espezifikoetara egokitua eskaintzen dute. Erreformak honako gune hauek izango ditu: Haur Hezkuntzako 5 gela, eskolako jantokia, zentzumenen gela, lo egiteko gunea, lorategia eta jolastokia.

Nork izango du onura?

EROSKIren Zentimo Solidarioak programaren kanpaina hau Bosko Taldea Federazioarekin, La Gota de Leche de Pamplona elkartearekin, Mestura GKEarekin, Hezkuntza eta Lankidetza Fundazioa - EDUCOrekin eta Vicente Ferrer Fundazioarekin elkarlanean egingo da.

Kanpaina honekin lortu nahi den laguntzarekin, egoera zaurgarrian dauden 1379 neska-mutili lagunduko zaiela kalkulatzen da.

Informazio gehiago eta estekak

Bosko Taldea Federazioa (erakundearen webgunea)

La Gota de Leche de Pamplona (erakundearen webgunea)

Mestura GKE (erakundearen webgunea)

Hezkuntza eta Lankidetza Fundazioa - EDUCO (erakundearen webgunea)

Vicente Ferrer Fundazioa (erakundearen webgunea)