Familia behartsuei elikadura osatuagoa eta orekatuagoa izaten laguntzea, Associació Mallorca Sense Fam, Cáritas, Gurutze Gorria, Gosearen Kontrako Ekintza Fundazioa eta FESBAL elkarteen bidez.
Espainiako haurren pobrezia tasa % 28koa da; Europar Batasunean haurren pobrezia tasarik altuena duen herrialdeetako bat da. Zifra horien errealitatea hauxe da: haur eta nerabe askok ezin dituzte jan oinarrizko elikagaiak, hala nola haragia, oilaskoa edo arraina gutxienez bi egunean behin, ezta egunero fruta eta barazkiak ere; euren etxeetan tenperatura egokia mantendu ezinik bizi dira; ez dute bizi diren klimarako arropa edo oinetako egokirik; ezin dute liburu egokirik eskuratu, edo ezin dute, gutxienez urtean behin, aisialdi- edo opor-jardueretan parte hartu.
Pobreziaren ondorioek bizitza osoan iraun dezakete; izan ere, pobrezian bizi diren haurrek aukera gutxiago dituzte eskola amaitzeko, eta soldata txikiagoak irabazten dituzte helduak direnean. Gainera, azken datuen arabera, herrialde batzuetan oso litekeena da eskualde behartsu batean jaiotako pertsona bat zortzi eta bederatzi urte gutxiagoan bizitzea, eskualde ez-behartsuago batean jaiotako bat baino.
Egoera horretan, elikadura bidezko laguntzak eta jantoki sozialak erreferente sozialetako bat dira hirietan, pertsona zaurgarrienei laguntzeko. Milaka erabiltzaile artatzen dituzte Espainian, egunero ehunka otordu emanez.
Jasotako dohaintzekin, erakunde horiek ondoren deskribatzen diren jarduerak indartu ahalko dituzte.
Mallorca Sense Fam Elkartea
Mallorca Sense Fam proiektuaren helburua pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurka borrokatzea da, egoera zaurgarrian dauden pertsona eta familiei elikadura duina bermatuz. “Etxez Etxeko Elikagaien Laguntza Solidarioa” proiektuaren bidez, elikagai freskoak eta oinarrizkoak ematen zaizkie astero zaurgarritasun-egoeran dauden familiei, batez ere 65 urtetik gorako pertsonei, horietako asko bakarrik bizi baitira. Boluntarioek erakundearen furgoneta baten laguntzaz antolatutako ibilbideen bitartez, banaketa pertsonalizatuak egiten dira asteazkenero, produktuen entrega gertuko eta gizatasunezko akonpainamenduarekin konbinatuz. Eroskiren, "Zentimo Solidarioak" kanpainaren eta auzoko erakunde sozialen laguntzari esker, programa honek onuradunen elikadura bermatzeaz gain, bakardadeari aurre egiten eta pertsonen ongizatea hobetzen ere laguntzen du.
Cáritas
Caritasen “Elikadura osasungarri, jasangarri eta inklusiborako sarbidea duintzen” proiektuaren helburua da egoera zaurgarrian dauden familien elikadura-eskubidea bermatzea, eta, aldi berean, haien autonomia eta duintasuna sustatzea. Aurre-ordainketa txartelen bidez, pertsonek zuzenean eros ditzakete elikagaiak eta higiene-produktuak, banaketa tradizionalekiko mendekotasuna saihestuz eta baliabideen kudeaketa arduratsuagoa bultzatuz. Ekimen hau Caritasen harrera- eta laguntza-ereduaren barruan kokatzen da, zeinak ahalduntzearen, erantzukidetasunaren eta sustapen pertsonalaren alde egiten baitu, boluntarioen eta parrokien sarearen bidez laguntza integrala eskainiz. Horrekin, oinarrizko beharrak asetzeaz gain, gizarteratzeko prozesu eraldatzaile bat bultzatzen da.
Gurutze Gorria
Proiektuaren helburua izango da oinarrizko premiei aurre egiteko laguntza urgentea eskaintzea, honako hauek eskura jarriz: elikagaiak, norberaren eta etxeko higienerako produktuak, jantziak eta berokiak, osasun-produktuak, etxeko tresnak eta pobrezia energetikorako laguntzak. Honako hauen bidez egingo da: ondasun-entregak eta/edo laguntza ekonomikoak (oinarrizko premiei eta pobrezia energetikoari beharrezko estaldura emateko), elikadura seguru eta osasungarriaren eta kontsumo arduratsuaren arloko gaitasunak hobetzeko tailerrak eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen/taldeen laguntza psikosoziala.
Gosearen Kontrako Ekintza Fundazioa
Gosearen Kontrako Ekintza Fundazioak, Vives Emprende programaren bidez, emakume migratzaileei eta egoera zaurgarrian dauden beste pertsona batzuei laguntzen die, normalean gizartean sartzeko oztopoak izaten baitituzte (finantzaketa lortzeko zailtasunak, berariazko ezagutzarik eza, negozio-ereduak probatzeko ezintasuna, laguntza-sare eskasa…), eta aukera-desberdintasun bati egin behar izaten baitiote aurre, beren egoera dela eta. GastroEskola Jasangarria gune partekatua da. Bertan, parte-hartzaileak sektore gastronomikora hurbiltzen dira, beren proiektua prestatzen dute, beren produktu nagusiak definitzen dituzte eta merkatu errealean probatzen dituzte, ekiteko orduan arriskuak murrizteko. Gainera, “Gastronomiaren eta elikaduraren sektorean ekitea” ibilbidearekin, elikaduraren sektorean negozioak sortzen trebatu eta aholkatu nahi da.
FESBAL
FESBALen proiektuak egoera zaurgarrian dauden familiek pairatzen duten elikagai-gabezia arintzea du helburu. Bere lana elikagaiak hainbat modutara lortzea da, bilketen eta dohaintzen bidez, baita soberakinak aprobetxatuz ere; ondoren, erakunde onuradunen bitartez banatzeko. Ongintzazko Erakundeek FESBALi esnea eskatzen diote etengabe, elikagai nutritibo eta osasungarri hori, eguneroko dieta orekatuaren berehalako printzipioen oinarria erabat betetzen duena. Hori dela eta, “Esnea, Elikagai Bankuen oinarrizko saskian ezinbesteko elikagaia” proiektuaren bidez, FESBALek funtsezko produktu hori eskuratzeko aukera bermatzeko lan egiten du. Produktu hori funtsezkoa da haurren garapenerako, adinekoen zaintzarako eta familia zaurgarrienen osasuna eta ongizatea hobetzeko.
EROSKIren Zentimo Solidarioak programaren kanpaina honek Associació Mallorca sense Fam, Cáritas, Gurutze Gorria, Gosearen Kontrako Ekintza eta FESBAL elkarteekin batera egingo du lan. Kanpaina honekin lortu nahi den laguntzarekin, gutxienez 461 onuradun zuzeni lagunduko zaiela uste da.
Mallorca Sense Fam Elkartea (erakundearen webgunea)
Cáritas (erakundearen webgunea)
Gurutze Gorria (erakundearen webgunea)
Gosearen Kontrako Ekintza Fundazioa (erakundearen webgunea)
FESBAL (erakundearen webgunea)
