Federación ASEM Gaixotasun Neuromuskularren Espainiako Federazioa da, gobernuz kanpoko erakundea, eta gaixotasun neuromuskularren elkarteak eta fundazioak batzen ditu. Gaur egun, 29 erakunde federatuk osatzen dute, eta 12.000 pertsona inguru daude elkartuta. Fisioterapia eta beste terapia fisiko batzuk (uretakoa, logopedia, okupazionala...) behar-beharrezko laguntza dira pertsona horientzat, baina ez dute ia laguntzarik jasotzen ez erakundeek, ez administrazioek. ASEMeko kide diren entitateek zuzenean egiten dituzte terapia horiek edo zerbitzu hori ematen dute fisioterapiako klinikekiko lankidetzaren bidez. Hori dela eta, Gizarte Segurantzak estaltzen ez dituen terapia fisiko horietara jende gehiago sartzen lagunduko du Zentimo Solidarioen diruak.
ESKLEROSI ANIZKOITZA EUSKADI fundazioaren xedea Esklerosi Anizkoitza duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzea da, sentsibilizazio sozialaren eta kolektiboaren eskubideen defentsaren bidez. Zentimo solidarioen laguntzarekin, fundazioari lagunduko zaio, eritasun hori duten pertsonei errehabilitazio integraleko zerbitzuak eskaintzen jarrai dezan. Errehabilitazio Integraleko Zentroetan, pertsona bakoitzarentzat tratamendu espezializatua eta pertsonalizatua eskaintzen dute, errehabilitazio fisikoa eta psikosoziala, bai eta zainketa asistentzialak ere.
FAGAL Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten gaixoen senideen Galiziako Elkarteen Federazioa da. Irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta 15 elkartek osatzen dute. Helburua da gaixotasunaren aurrerapena atzeratzea, bizi-kalitatea hobetzea eta alzheimerra duten pertsonei eta haien familiei prozesuan laguntzea. Galiziako biztanleen % 85 ingururi zerbitzua ematen dien zentro-sarea da, eta 5.000 familia elkartu eta 260 profesional baino gehiago ditu sektore soziosanitarioan. Jasotako dohaintzekin estimulazio kognitiboko tailerrak egingo dira, autonomia pertsonala mantenduz eta gaitasun kontserbatuak zainduz. Halaber, laguntza psikologikoa eta orientazioa eskainiko zaizkie zaintzaileei, eta prestakuntza-tailerrak egingo dira, haien gainkarga emozional eta fisikoa murrizteko.
HUNTINGTON BALEARES irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta Huntington-en gaixotasunak jotako pertsonen eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzeko borrokatzen da. Laguntza psikosozialeko zerbitzuak eskaintzen ditu, arlo hauek biltzen dituztenak: arreta soziala gaixo eta senideentzat, laguntza psikologikoa eta jokabidearen tratamendu kognitiboa eta errehabilitazio kognitiboa. Horrela, elkarteak informazio eta aholkularitza pertsonalizatuak, ebaluazio psikologikoak eta tratamendua, balorazio eta txosten neurologikoak eta estimulazio kognitiboko saioak eskaintzen ditu.