Ingurumenaren babesa sustatzeko lankidetzan aritzea, Aranzadi Zientzia Elkartearen, Enraíza Derechos elkartearen, Espainiako Ornitologia Elkartearen (SEO BirdLife) eta WWFren proiektuen bidez.
Biodibertsitatearen galera gure garaiko ingurumen-arazo larrienetako bat da: kolapsatzen diren ekosistemak, betiko desagertzen diren espezieak eta egunero ahultzen diren funtsezko zerbitzuak (aire garbia, ura edo polinizatzaileak, adibidez). Joera horri buelta ematea premiazkoa eta posiblea da, baina berehalako ekintza eta herritarren laguntza eskatzen du.
Galera horren egiturazko kausen artean dago, adibidez, elikadura-sistema globala. NBEk antolatutako Elikadura Sistema Jasangarrien Goi Bileran (2021), nazioarteko komunitateak onartu zuen elikadura sistemak eraldatzea estrategia giltzarria dela biodibertsitatearen galera, baliabide naturalen agortzea eta klima aldaketa geldiarazteko. Gaur egungo elikadura-sistemak berotegi-efektuko gasen % 40 inguru sortzen du, eta ia 1000 milioi tona elikagai, % 30, ekoizpen-, banaketa- eta kontsumo-katean zehar alferrik galtzen dira. FAO
Gainera, biodibertsitatearen galera larriagotu egiten dute faktore sozialek eta tokikoek. Horregatik, gero eta urbanizatuagoa dagoen mundu honetan, pertsonek naturarekin duten deskonexio emozional eta ekologikoari erantzuteko beharra sortzen da. Naturaren kontserbazioari buruz hartzen ditugun erabakiak, neurri handi batean, naturarekin ditugun interakzioen araberakoak dira. Europako herritarren % 80 inguru hirietan bizi dela kontuan hartuta, garrantzitsua da bioaniztasuna berraurkitzea bizi garen inguruneetan, gure kale, parke eta hiri-txokoetan.
Testuinguru horretan bertan, baso-suteak Espainiako gaur egungo ingurumen-presio nagusietako bat dira, eta nabarmen eragiten dute ekosistemen degradazioan. Espainian, suteen ia % 65 penintsulako ipar-mendebaldean gertatzen dira, eta, Galizian bakarrik totalaren % 50 (6.000 ezbehar urtean). Horrek arazoaren larritasunaren berri ematen du. Espainiako ipar-mendebaldeko arazoa estrukturala da. Hainbat hamarkadatan zehar, paisaiaren erresilientzia indartuko duten eta etorkizuneko suteen aurrean kalteberatasuna murriztuko duten irtenbide integralak eskatzen ari dira hainbat sektore.
Joera horiei buelta emateko eta mehatxu globalei zein tokikoei aurre egiteko, herritarrak eta, zehazkiago, gazteak mobilizatu behar ditugu, degradatutako habitatak leheneratzeko, arriskuan dauden espezieak babesteko eta naturari bizirauteko behar duen erresilientzia itzultzeko.
Jasotako dohaintzekin, erakunde horiek ondoren deskribatzen diren jarduerak indartu ahalko dituzte.
SEO BirdLife
“Dar alas a los jóvenes” proiektuan ingurumen-boluntariotzari buruzko jardunaldiak antolatzen dira hainbat naturagunetan. Jarduera horien helburua da gazteak biodibertsitatearen galeraren aurkako borrokan inplikatzea, ekosistemei eragiten dieten benetako arazoetara modu praktikoan hurbilduz eta konponbidearen parte aktibo izateko tresnak eskainiz. Jardunaldi bakoitzak formakuntzako sarrera bat eta tokian tokiko ekintza zehatzak konbinatzen ditu, espazio bakoitzaren beharretara egokituak. Besteak beste, zaborrari aurre egiteko garbiketa-saioak, espezie autoktonoekin egindako basoberritzeak, lehendik dauden basoberritzeen mantentze-lanak, espezie exotiko inbaditzaileen kanporatzea eta hegazti txikientzako habia-kutxak eraikitzeko eta jartzeko tailerrak. Proiektuak, gainera, gazteak beren komunitateetan aldaketa-eragile bihurtzea du helburu. Horregatik, jarduera bakoitzak hausnarketarako, hondakinen karakterizaziorako, mehatxuak identifikatzeko edo egindako hobekuntzen jarraipena egiteko uneak ditu.
Enraíza Derechos
Elikadura bidezkoagoa eta planetarekin adeitsuagoa izan dadin, elikagaiak ekoizteko modua eta kontsumitzeko modua aldatu behar dira. Aldaketa horretan, gazteek zeregin garrantzitsua dute, beren ohiturak aldatzeko irekiago baitaude eta ingurumen-arazoen kontzientzia handiagoa baitute. Hori dela eta, elikagai-sistema justu eta jasangarri baterako eraldaketaren funtsezko motorra dira.
“Juventud por una alimentación saludable y sostenible” proiektuak topaguneak eta hausnarketarako guneak sortuko ditu, gazte kontsumitzaileen eta dagoeneko ingurumena gehiago errespetatuz elikagaiak ekoizten ari diren gazteen artekoak, planeta eta elikagaiak ekoizten dituztenak hobeto zainduz jateko irtenbideak proposatzeko. Gainera, elkarrekin lan egingo dute gazte gehiago animatzeko kanpaina bat diseinatzen eta martxan jartzen; haiek ere elikadura osasungarriagoa eta naturarekiko errespetuzkoagoa hauta dezaten.
Aranzadi Zientzia Elkartea
Biarteko Mugi proiektuaren bidez, hiriko bioaniztasuna eta mugikortasun eta gizarteratze estrategiak uztartu egiten dira Donostian mugikortasun aktiboa sustatzeko, jakin-minaren, artearen eta teknologiaren bidez ondare naturalari balioa ematen dioten ibilbideen bitartez. Proiektu askok beren ingurumen- eta osasun-onurak hedatzen dituzten arren, kasu honetan, lotura emozionalak sortzea eta herritarren identitatean eta kultura-ondarean integratzea da gakoa, haien babesa sustatzeko. Hala, artea, teknologia eta mugikortasun aktiboa biodibertsitatea ikusarazteko tresna bihurtzen dira, inguruko elementu naturalekiko jakin-mina pizten duten ibilbideen bitartez. BiArtEko Mugi proiektuan 4 ibilbide egiten dira: A) UrbanEko Mugi, oinezko ibilaldiak historia naturalarekin eta biotopo naturalen birsorkuntzarekin, B) TriEko Mugi, trizikloan ibilaldiak mugikortasun murriztua duten pertsonentzat; C) ArtEko Mugi, ibilaldiak arte biziarekin, biodibertsitatearen babesleku gisa funtzionatzen duten esku-hartze artistikoen bidez; eta D) VirtualEko Mugi, txango naturalistikoetarako laguntzaile birtualaren eta errealitate areagotuaren garapena.
WWF
Iberiar penintsulako ipar-mendebaldean (Portugal erdialdea eta iparraldea, Galizia, Asturias, Zamora, Leon eta Kantabria) baso-suteak gertatzen dira behin eta berriz. Prebentzio gehiago behar dugu paisaiak sugarren hedapenaren aurrean duen ahultasuna murrizteko; hau da, beharrezkoa da arrisku handiko eremuetan oinarritutako lurraldearen kudeaketa kolektiboa eta parte-hartzailea sustatzea. Horrela bakarrik lortuko dugu paisaia askotarikoagoa eta suarekiko erresistenteagoa, eta bertan batera biziko dira mendiaren, nekazaritzaren eta artzaintzaren erabilerak.
WWF-k azken 4 urteak daramatza Baixa Limia – Serra do Xurés Parke Naturalean lanean, suteen eragin handia jasan duen eskualdean. Prebentzio-ekintzek (mendietan erregai gutxiago egoteko belar-sastrakak garbitzea eta baso-tratamenduak egitea, adibidez, eta oihan-masen dibertsifikazioa sustatzea) paisaia anitzagoa eta suarekiko erresistenteagoa lortzen lagun dezakete eremu babestu horretan. Jabe-taldeekin modu koordinatuan lan egitea funtsezkoa da baso-kudeaketa kolektiboa sustatzeko.
EROSKIren Zentimo Solidarioak programaren kanpaina honek Aranzadi Zientzia Elkartearekin, Enraíza Derechosekin, Espainiako Ornitologia Elkartearekin (SEO BirdLife) eta WWFrekin kolaboratuko du.
Kanpaina honekin bildu nahi dugun diruarekin, XXXXX onuraduni laguntzea aurreikusten da.
Aranzadi Zientzia Elkartea (erakundearen webgunea)
Enraíza Derechos (elkartearen webgunea)
Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO BirdLife) (erakundearen webgunea)
WWF (erakundearen webgunea)
