Kalkuluen arabera, mundu mailan 17,9 milioi pertsona hil ziren 2019an gaixotasun kardiobaskular baten ondorioz. Horietatik % 85 miokardio infartuengatik eta istripu zerebrobaskularrengatik izan ziren.
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, bihotzari eta odol hodiei eragiten dieten patologiek –besteak beste, hipertentsio arteriala, gaixotasun koronarioa, bihotz-gutxiegitasuna eta garun-hodietako istripua– eragiten dituzte mundu osoko heriotza guztien % 32. EAEn eta Nafarroan 2022ko datuek erakusten dute gaixotasun kardiobaskularrak direla bigarren heriotza-kausa, tumoreen atzetik. Emakumeen kasuan, lehen heriotza-kausa dira.
Gaixotasun kardiobaskularrak bihotzari eta odol hodiei eragiten dieten patologiak dira. Zahartzearekin batera areagotu egiten dira, baita beste arrisku faktore batzuengatik ere, hala nola hipertentsioagatik, giltzurrun gaixotasun kronikoagatik eta alterazio metabolikoengatik –obesitatea eta diabetesa, besteak beste–.
Kardiopatien eta istripu zerebrobaskularren jokabideko arrisku faktore garrantzitsuenak honako hauek dira: dieta ez osasungarria, jarduera fisiko eza, tabako kontsumoa eta alkohol kontsumo kaltegarria. Ingurumeneko arrisku faktoreen artean, kutsadura atmosferikoa nabarmendu behar da. Jokabideko arrisku faktoreek sortutako ondorioak hipertentsio arteriala, hipergluzemia, hiperlipidemia eta gehiegizko pisua eta obesitatea izan daitezke. Lehen mailako arretako establezimenduetan «arrisku faktore ertain» horiek neur daitezke, miokardioko infartua, istripu zerebrobaskularra, bihotz gutxiegitasuna eta beste konplikazio batzuk izateko arrisku handiagoa dagoela adierazten dute eta.
Beraz, EROSKItik BIOEFekin elkarlanean aritu nahi dugu ikerketa proiektu bat aurrera ateratzeko. Proiektu horrek gaixotasun kardiobaskularren mekanismoak argitzen lagunduko du eta diagnostikorako, arrisku kardiobaskularreko faktoreen prebentziorako, patologia hori sendatzeko edo leuntzeko eta haren ondorioak arintzeko onurak ekarriko ditu.