2021ean genero-indarkeriaren ondorioz eraildako bost emakumetik batek (% 20,9) bakarrik salatu zuen erasotzailea edo laguntza eskatu zuen aldez aurretik. Hori ez egiteko arrazoiak anitzak dira: haiei edo haien seme-alabei zer gertatuko zaienarekiko beldurra, babesa non edo nola lortu jakiteko informaziorik eza edo duten arriskua gutxiestea. Horren ondorioz, tratu txarrak jasotzen dituzten bost emakumetatik batek soilik jasotzen du laguntza; gainerakoak, 1.500.000 emakume baino gehiago, ikusezinak dira, isilpean jarraitzen dutelako. Covid-19ak beste oztopo bat jarri die egoera salatu nahi duten biktimei eta baztertuta utzi ditu laguntza publikoak agortu dituzten emakume langabeak. Era berean, haien seme-alabak etsaitasunezko giro batean bizi dira eta tratu txarren lekuko eta biktima zuzen edo zeharkakoak dira.
Halaber, genero-indarkeriaren ondoriozko hilketa bat dagoenean, biktimaren seme-alabak ahaztuta geratu ohi dira, ikusezin, eta herri-administrazioek ez diete beti kalteak konpontzeko behar adina laguntza ematen. Umezurtzak eta haien familiak babesik gabe geratzen dira maiz, hartu beharreko pausoei buruzko informaziorik eta aholkurik gabe, eta dolurako espaziorik gabe.
Gurutze Gorria, Fundación Ana Bella eta Fondo de Becas Soledad Cazorla irabazi asmorik gabeko erakundeak dira. Batetik, bizirik atera diren emakumeekin modu integralean lan egiten dute, euren burua babesten irakasteko, laguntza emozionala emateko eta, lan duin baten bidez, ahalduntzeko. Bestetik, umezurtzen hezkuntza-garapena babesten eta laguntzen dute.
Horregatik, EROSKIn, erakunde horiekin bat egin nahi dugu, elkarrekin ahal bezain beste emakume eta adingaberi behar duten laguntza eman ahal izateko.