Jasotako dohaintzekin, erakunde horiek ondoren deskribatzen diren jarduerak indartu ahalko dituzte.
Zehar-Errefuxiatuekin Elkartea
Zainketatik berreraiki: Euskadiko errefuxiatuentzako laguntza emozionala proiektua Bizkaiko eta Gipuzkoako probintzietan laguntza psikologikoko zerbitzu integral bat da, Zehar-Errefuxiatuen harrera-zerbitzuetatik zuzenean eratorritako errefuxiatu, migratzaile eta aberrigabeentzat. Horiek afektazio psikologikoak dituzte eta ez dute laguntza-sarerik. Harrera-eredu batean oinarritzen da, eta erakundeko talde juridiko eta sozialekin laguntza emozionala artikulatzen du, euskal gizartean integratzea eta autonomia izatea errazteko.
Esku-hartzea akonpainamendu emozionaleko banakako saioen bidez egiten da, eta interpretazio-zerbitzu eleaniztuna du. Horrez gain, psikologiako taldeak peritu-txosten espezializatuak egiten ditu nazioarteko babes-eskaeretarako, jazarpenak edo indarkeriak eragindako afektazioei buruzko balorazio teknikoa emanez.
Asociación Galega de axuda a Ucraína
Atención integral a refugiados ucranianos desplazados por la guerra proiektuaren helburua Galizian bizi diren errefuxiatu ukrainarrei zuzendutako hizkuntza-egokitzapeneko programa trinko bat garatzea da, haien autonomia pertsonala, oinarrizko baliabideak eta gizarteratzeko eta laneratzeko aukerak hobetzeko. Parte-hartzaileen mailara eta premietara egokitutako gaztelaniazko eskolak ematea da esku-hartzearen ardatza, eta arreta berezia eskaintzen zaie zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei, batez ere emakumeei eta adingabeei.
Ukrainar jatorriko espainierako irakasle batek emango ditu saioak, eta horrek aukera ematen du hasierako ulermen-hesia kentzeko eta ikaskuntza azkarrago eta eraginkorrago bat errazteko. Esku-hartze hori erakundearen programa integralaren barruan kokatzen da, eta laguntza psikologiko, sozial eta laboraleko beste zerbitzu batzuetarako sarrera gisa jokatzen du.
Itaka-Escolapios fundazioa
Alimentación digna para la infancia en África: comedores escolares y educación nutricional en Camerún y Mozambique proiektuak 3 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek, egoera oso zaurgarrian daudenean, elikadura egoki, osasungarri eta segurua izan dezaten bermatzea du helburu. Esku-hartzea Kamerun eta Mozambikeko eskolapio sareko ikastetxeetan egiten da, non eskola-jantokiek ikasleen osasuna eta eskola-errendimendua hobetzen laguntzen duten.
Jarduerak hainbat ekintza-lerro osagarri ditu. Alde batetik, elikagaiak zuzenean ematea bermatzen da, testuinguru bakoitzera egokitutako janariak prestatuz eta banatuz; gainera, nutrizio-ebaluazioak egiten dira, haurren osasunean duten eragina neurtzeko eta malnutrizio-mailak murrizteko. Bestalde, prebentzio- eta komunitate-ikuspegia txertatzen da, familiei elikadura- eta higiene-ohitura osasungarriei buruzko prestakuntza emanez, tailer parte-hartzaileen bidez.
Itsas Salbamendu Humanitarioa
Aita Mari 2026 esku-hartze humanitarioa da, eta Mediterraneo erdialdean migratzaileak/errefuxiatuak erreskatatzea du helburu. Azken hilabeteotan, Libiako kostazainek ibilbidean egindako presioaren ondorioz, migratzaileek beste leku batzuetatik desbideratu eta nabigatu behar izan dute, eta horrek segurtasunik eza eta hondoratzeko arriskua areagotzen ditu, joan-etorriak egiteko erabiltzen dituzten txalupak sakabanatuta daudelako eta prekarioak direlako. Halaber, atzemandako ontziak eta itzulketa beroak ugaritu egin dira. 2026an Aita Mari itsasontziak 3 salbamendu misio burutuko ditu. Proiektuaren dimentsio humanitarioa osatzeko, eragin politikoko lan bat egiten da, erakunde publikoen aurrean salatuz, nazioarteko sareen eta beren kanalen bidez, migrazio-prozesuetan gertatzen diren giza eskubideen urraketak. Halaber, proiektuaren beste ardatz bat gizartea eraldatzeko sentsibilizazioa eta hezkuntza da, eta jarduera ugari egingo dira urtean zehar.
Sendera GKE
Agua para las familias de Independencia, Cochabamba, Bolivia da proiektu bat, Independentziako udalerrian (Cochabamba, Bolivia) ura eta saneamendua izateko giza eskubidea gauzatzen lagunduko duena. Ura eskuratzeko aukera mugatuak eta horrek landa-familien osasunean dituen ondorioek sortzen dute beharra.
Proiektuak edateko ura kanalizatzeko sistema berri bat eraikitzea proposatzen du, inguruko mendietako iturburuetatik etxeetaraino, komunitateko biztanle guztiak etengabe hornitzeko. Era berean, antolaketa eta hezkuntza komunitarioko jarduerak egingo dira, sistemaren mantentze-lanetarako eta jasangarritasunerako. Ura eskuratzeko aukera bermatzean, komunitateari hobetu egingo zaizkio nutrizioa, osasuna eta bizi-kalitatea, oro har, eta, bereziki, emakume eta adingabeei, horiek baitira gaur egun mendietako ura jasotzeaz arduratzen direnak.